1.16.2007
VIETMAN, SENEGAL, ETA AURTEN INDIA--NEPAL
Herritar gehientsuenen joera oporraldian penintsulako hondartzetako eguzkia gozatzea dela esan dugu; baina badira urrunagoko lurraldeetara joaten diren azpeitiarrak.
Asier Aranbarri eta Mikel Alberdik, azken urteetan, lurralde txiroak eta desberdinak ezagutzeko asmotan egiten dute oporraldietarako plana. Vietnam eta Senegalen pasa zituzten azken bi abuztuetako oporraldiak; aurten berriz, India eta Nepalera joango dira. «Berdin zaigu nora joan, toki eta bizimodu ezberdinak ezagutzeko asmotan leku desberdinetarako erreserbak egin genituen otsailean. Gero, lekua eta aukerarik dagoen lekua aukeratzen dugu», diote.
Bidaiatzeko hegazkineko txartelak bakarrik hartzen dituzte. Gero, euren kontura bertako jendearen etxeetan eta hotel «merkeenetan» moldatzen dira. Beti oporraldia pasa behar duten herrialdeko gida liburuak erabiltzen dituzte, lekuak bisitatzeko eta ibilbidea erabakitzeko. Herrialdetan denetariko ibilbideak ezagutzen badituzte ere, batez ere leku turistikoetan ibiltzen dira gazte hauek: «Turistak beti eta edonon izaten dira, eta euskaldunak edonon aurkitu ditugu. Jakin egin behar da mugitzen. Geu ere, batez ere leku turistikoetan ibiltzen gara, zirkuitu turistikoetan, bestela ibiltzeko zailtasun gehiago daude. Vietnamdar bat ezagutu genuen eta aberasgarria gertatu zen, bere familia ezagutu eta leku desberdinetan ibili ginen».
Lekuetako ohiturak «errespetatu» behar direlakoan daude Asier eta Mikel, eta bertakora «moldatu» behar dela diote. Era horretan, jaki ugari ere probatu dituzte: «Vietnamen kangurua zelakoan bazkaldu genuen; gero esan ziguten herrialde hartan ez zegoela kangururik. Han txakurrak-eta jaten dituzte... badugu errezelorik zer ote zen. Ona zegoen eta merkea zen. Medusa moduko bat ere jan genuen gordinik».
Herrian saninaziyo jaietan murgilduta gaudenean ekingo diote bidaiari Asier eta Mikelek, beste bi lagunekin batera. Hegazkinez Delhira joango dira. Handik euren kontura Nepalera abiatuko dira, eta berriro Indiara hegazkinez, abuztuaren bukaeran etxeratzeko. «India ezagutzeko gogoa beti izan dugu», dio Mikelek.
Dena dela, herrialde desberdin baterako bidaiari ekin aurretik, jada datorren urtekoa gogoan dute; urte hasieran erreserba pila bat egin, eta gero-gerokoak.