1.11.2007

DIBERTITZEA OSASUNA DA


Dibertitzea (modu osasungarrian, jakina) osasuntsu bizi izateko formula magikoetako bat da. Aisialdia aprobetxatzeak, intentsitatez bizi izateak obsesio eta ardurei aurre egiteko balio du, depresioa eta gure oreka emozionalari eraso egiten dioten gainerako agente negatiboak albora uzteko. Aisialdiaz benetan gozatzeko barne-jarrera jakin bat eduki beharra dago. Nor naizen eta kanpoko presio eta betebeharrik gabe nagoenean zer egiteko gauza naizen jabetzea. Aukera bikaina, adibidez, oraindik gazte izan arren erretiro aurreratuagatik lan ordainduaren mundutik baztertutako pertsona askok bizi duen asperdurari aurre egiteko gaitasunik dugun ikusteko. Horietako asko barneko hutsuneaz kexatu ohi da; bistan da ez dutela deskubritu lanean ari ez direnean zer egiteko gauza diren, nola diberti daitezkeen lan-eremutik kanpo, lehen euren bizitza markatzen zuen "lana-aisialdia" prozesua desagertzen denean.

Gaur egun asko hitz egin eta idazten da "aisialdiko zibilizazioaz" eta teknologi-aurrerapenaren, langabeziaren eta lanaldi murriztuen eraginez, badirudi apurka-apurka gizarte-testuinguru horretarantz goazela. Adituek diotenez (aisialdiaren gestioko adituak ere badira, nola ez), jendea asper ez dadin, depresiorik izan ez dezan eta bere agresitibitate soberakina besteengan bota ez dezan alternatibak asmatu beharra dago. Horregatik, gero eta zabalagoa da aisialdiko baliabideen eskaintza: kultur gelak, kiroldegiak, liburutegiak, abentura-kirola, ikuskizunak, era guztietako prestakuntza ikastaroak Baina eskaintza gehitzea ez da, berez, konponbidea. Jateko ere, garrantzitsuena ez da jaki gozo-gozoen aukera zabala izatea, gose izatea baizik eta jakina, jateko zerbait izatea. Goseak gaudenean, edozer jaten dugu. Umeek ere jolaserako ez dute jostailu konplexu eta garestirik behar. Aski dute makila bat, soka bat edo kartoizko kaxa bat eta askatasuna, gogoa eta irudimena (edo agian azken horiek bakarrik), euren gaitasun ludikoa askatzeko.

Comments: Publicar un comentario



<< Home

This page is powered by Blogger. Isn't yours?

INTERES GUNEAK
Blink It

Blink It

Blink It

Blink It

LIZENTZIA
Creative Commons License
Creative Commons lizentzia

.Creative Commons Lizentzia
Blog hau Creative Commons-en baimen baten mende dago Creative Commons Public Domain License.