1.11.2007
ABENTURA OPORRAK. BIDAIA EXOTIKO ETA ARRISKUTSUAK SALGAI INTERNETEN
Munduan den bidai agentziarik handiena eta osatuena da Internet. Bertan, birtualki nabigatu eta pantailaren bidez munduak etxetik irten gabe ezagutzeaz gain, badago aukerarik benetako bidaiak ezagutu eta erosteko. Hegaldiak, eta bestelako bidai antolatuak etxetik bilatu, aukeratu eta kontratatu daitezke, askotan ohiko agentzietan baino merkeago.
Horrek aparteko aukera damaigu gure ametsetako bidaia aurkitzeko. Ohiko bidaiak ezezik, bestelako oporrak bilatu nahi dituztenak sarean aurki ditzakete: opor ezberdinak, exotikoak edo adrenalinaz beteak. Aukerak nonahi badira, baina aurkitu behar dira.
Nahikoa dirua duenak jesarleku bat har dezake espaziora ateratzeko, 2001. urteko abenduaren 1ean jaurtikiko den lehendabiziko hegaldi komertzialean esku hartzeko. Incredible adventures izeneko webgunean honen gaineko jakingarriak aurkituko ditugu. Leku berean unitate paramilitar sekretu batean entrenamendua jasotzeko ikastaroan izena eman dezakegu; Moskuren gainean Mig-29 baten barruan ibil gaitezke; submarino batean itsasontzi bat araka dezakegu Artiko itsasoko uretan; hegazkin berezi batean zero grabitatea probatu edo astronautarako heziketa jaso Errusiako espazio zentruan. Sahararen gainean globoan nabigatu edo munduari buelta eman dezakegu trenez.
Azken hau ez da hain arriskutsua printzipioz baina bai nekagarria. Train & Travel webgunean ikus dezakegu 40 egun irauten duen bidaia honen ibilbide osoa. Adrenalina gehiegi ez, baina bidaia ezberdina bilatzen dutenek berriz, Travel Finder gunean ibilbideak aurkituko dituzte geografikoki edo gustoko gaien arabera.